Usamos cookies propias y de terceros para mejorar su experiencia como usuario. Al hacer clic en cualquier enlace de este sitio web usted nos está dando su consentimiento para la instalación de las mismas en su navegador.
Más información

ITUREN

  • Autonomia Erkidegoa: Nafarroa.
  • Probintzia: Nafarroa.
  • Maila Historikoa: Hiribildua.
  • Maila Administratiboa: Udalerria.
  • Barruti judiziala: Iruñea.
  • Merintatea: Iruñea.
  • Eskualdea: Bidasoa.
  • 2006ko biztanleria: 477.
  • Azalera:15,4 km².
  • Biztanleriaren dentsitatea: 30,649 biztanle/km².
  • Udaletxearen altuera: 225 metro.
  • Distantzia Iruñara: 56 km.
  • Komunikabideak/Errepideak: NA-170, Lekunberri-Leitza-Doneztebe errepidean kokatuta dago.
  • Geografia: Malerrekako haranean kokatua dago.
    Lau auzo daude herrian: Ituren, Aurtitz, Latsaga eta Ameztia (baserriak).
    Mugakide hauek ditu: iparraldean Arantza eta Bidasoa eta Berroarango mendiak; ekialdean Elgorriaga eta Doneztebe; Hegoaldean Oitz eta Urrotz eta mendebaldean Zubieta.
  • Jentilizioa: Ittundarra.
  • Beste datu ekonomiko eta sozialak: Caja Españak egindako ikerlana.

Enklabea

Ipar-mendebaldeko Nafarroa Hezean dago kokatua Ituren, Malerrekan. Lekunberri-Doneztebe NA-170 eskualdeko errepidea pasatzen da herritik.

Hiru populaziogune ditu: Ituren, non baitira Udaletxea eta zerbitzu garrantzitsuenak eta Aurtitz eta Latsaga auzoak. Ameztia mendian ere badu baserri mordoxka bat han eta hemen, herritik hiru kilometrora.

Haietara joateko Ituren eta Latsaga auzoetatik igaro behar da.

Paisaia

Udalerriko erliebea kontraste handikoa da: hiru auzoak dauden Ezkurra ugalde ondotik, hau da, 200 .-tatik, Mendaur mendiko gailurrera, 1136 m.-tara.

Iturengo paisaia berde eta menditsua da. Bertan Asurdi, Armaurri, Sorano, Ameztia eta batez ere Mendaur mendia aipatu behar dira. Mendi hauek haritz, pago eta gaztainondoz estaliak daude.

Mendaur mendia, Baztan, Malerreka-Bertizarana eta Bortzirietako behatoki aparta dugu. Gailurrean Trinitatearen baseliza dago, 1692an eraikia (inskripzioan jartzen duenez).

Mendaurreko bidean ezin da “Mendaurko urtegia” atzendu, 785.000 ko edukierarekin, energia elektrikoa sortzeko ura erabiltzen duena.

Ezkurra dugu herria zeharkatzen duen ugalde nagusiena. Ezkurra mendatearen ekialdeko isurialdean jaiotzen diren zenbait erreka elkartzean sortzen da eta Doneztebe inguruan bat egiten du Bidasoa ugaldearekin.

Mendaur eta Ekaitza mendietan sortzen den Armaurri da Iturenen Ezkurra ugaldeko adar nagusiena. Erreka honen goiko ibarrean dago Mendaurko presa.

Ezkurra ugaldeak amuarrainen arrantzarako aukera ona eskaintzen du.

Landaredia

Haltzak dira Iturengo ibaiertzak janzten dituzten landareak. Zuhaitzak errekaren parean egon ohi dira, zerrenda mehar bat eginez, bazterrak malkartsuak direnean eta ibarrak zabaltzen diren lekuetan, gehixeago (metro batzuk) hedatzen dira. Haltzaz gain, ibai ondoko arboladietan beste zuhaitz batzuk badaude: oilakarana, sahats iluna eta ahuntz-sahatsa, lizarra eta zumarra. Intsusak, hurritzak, sasiarrosak, laharrak eta batzuetan, ezpelak hartu dute haltzadiak utzitako eremua.

Ibaian eta ibaiertzetan zenbait ugaztun bizi dira: ipurtatsa, lepahoria, lepazuria eta azkonarra. Inguruko arboladietan, berriz, beste hauek: katagorria, satitsua, Millet satitsua eta satorra. Oinatzeengatik dakigu basurdeak eta orkatzak ere badirela.

Hegazti sail bat ere bada: martin arrantzalea, oso bitxia, buztanikara zuri eta horia, eta beste txori asko, hala nola, kaskabeltz txikia, txepetxa, zozoa, uda-txirta eta mendi-txirta, pitxartxarra, garrapoa, gerri-txoria, zozoa eta amilotx mottoduna. Harrapariak: gabiraia, aztorea, zapelatza, urubia eta mirotz zuria, azken hori landa eta larren gainean, hegan. Okilen artekoak, ondoko hauek: okil berdea, okil handia eta okil txikia.

Klima

Iturengo klima mudakorra da: neguan hotza eta euritsua eta udan beroa. Udaberria eta udazkena onak egiten ditu, gehienetan.

Klima epel itsasaldekoa da, Kantauri itsasotik hurbil baita. Ezaugarririk nabarmenena euria erruz egiten duela da eta urte guztian, gainera. Atlantikotik heldu diren jasek herri guztia bustitzen dute, baita udan ere. Beraz, ez da lehorterik izaten. Balio plubiometrikoak 1.800 mm-ko ingurukoak izaten dira eta 180 bat egunetan botatzen du.

Klima epela da eta urteko batez besteko tenperatura 13-14ºCkoa.

Neguan, batzuetan, elur dezente egiten du, baina luze iraun gabe. Jakina, eremu menditsuetan tenperaturak baxuagoak izaten dira.

HISTORIA

Nafarroako ikerketa historikoek argi txikia egin dute Malerrekako herrien historian, Behe Erdi Aroa arte. Hala ere, badakigu gizakiak (artzainak) Iturenen bizi zirela aspaldi, agertutako sei trikuharriengatik. Horietako bat, Baikuntzako etxola deitua, Brontze Arokoa da (K. a. II. milurtekoa, ziur aski).

1280an Oltzorrozko gaztelua eta gotorlekua aipatzen dira eta badakigu Iturenen 25 su zeudela 1350ean eta Aurtitzen, berriz, 14.

Dirudienez 1536an Aurtitz, Latsaga eta Igeribar Itureni lotu zitzaizkion alkate bakarraren agintaritzapean. XVI eta XVII. mendeetan horiek denak Iturenerri, Iturenibar eta Iturenaran izenekin ageri dira. Errotako armarrian, 1782an berreraikia izan baitzen, “Valle de Ituren” irakurtzen da.

Batasuna egin eta geroxeago, 1600 aldera, Iturenek hiribildu titulua eskuratu zuen. Kontzejuaren bilkurak edo batzarreak elizan egiten ziren, barrenean edo ondoan (elizatarian, ondoko larrainean edo elizari atxikia zegoen etxean), XVIII. mendearen erdialderarte. Garai horretan jaso zuten udaletxea, eta bertan egiten zituzten bilkurak.

Hiru auzotako (Ituren, Aurtitz eta Latsaga)oraingo banaketa Igeribar Latsagarekin bat egitearen ondorio da (XIX. mendea). Iturengo auzoko IE zeuden etxeek beste auzo bat, Irugun izenekoa, osatzen zuten XVIII eta XIX. mendeetan. Horren testigantza bertan den Irugunantsonea etxeak ematen du.
XVII. mendetik aurrera Ameztia mendiko baserriak eraiki ziren. Askotan jendea bizi da orain ere.

Udal armarria

Hondoa urdina du eta Toursko San Martin (herriko zaindaria)ageri da, zaldi zuri baten gainean, altzairuzko sabel-ezkutua eta kaskoa mototsez apaindua dituela. Santuak kapusaia zatitu eta makulua duen eskazale herren bati ematen ari zaio. Eskazalearen atzean arbola berde bat dago eta goian, eskuin aldean, urrezko zortzi puntako izar bat. Armarri hori dago jarria udaletxean, Aurtizko ostatuan eta errota zaharrean.

PERTSONAIA OSPETSUAK

Martín Alberro (Ituren 1526 – Valentzia 1596)
Apaiztu eta Jesusen Lagundian sartu zen, Valentzian, 1556an. Juan de Juanes pintorearen arimako zuzendari izan zen eta Ama Birjinari buruzko zenbait obraz aholkua eman zion, batez ere Sortzez Garbiaren koadroari buruz. Artelan hori Valentziako Jesusen Bihotzaren elizan dago, egun. XVI. mendean etxeko izena deitura gisa eramatea ohikoa zenez, litekeena da Martin Alberro oraindik zutik dirauen Alberro etxekoa izatea. Aipatu izena XVI. mendeko dokumentazioan ageri da.

Tomas Iturengoa (Ituren 1556- Toledo 1630)
Teologia ikasi eta, 1577an, Jesusen Lagundian sartu zen, Alcalan. Irakaskuntzan jardun zuen Alcala, Belmonte, Valentzia eta Murtzian. 1619an liburu bat argitaratu zuen, Santo Tomasen doktrinaren duintasunari eta bikaintasunari buruzkoa, bere teologia eta filosofiaren gai korapilatsuen apologiarekin batera. A. Pérez Goyenak obra aztertu du eta “teologo ospetsutzat” dauka. Tomás Iturengoak “Thoma Pio a Ponte Lerinensi” izengoitiz sinatzen zuen. Hor ageri da Malerrekako gaztelaniazko izen historikoa “Santesteban de Lerin” eta ibar horretan zegoen bere jaioterria, deiturarekin bat heldu zena. Ituren abizena izateak esan nahi du, ziur aski, Tomas, Ituren jauregikoa zela, bertako jabeek, XVI eta XVII. mendeetako gehientsuenean deitura hori baitzuten eta aldiz, garai horretan, ez baita beste etxeetan ageri. Azken urteak Toledon igaro zituen eta han hil zen.

Bizarrondarrak
Aurtitz auzoan Bizarronea etxea dago, XVI. mendean eta XVII. mendearen zatirik handienean Bizarron gisa heldu dena dokumentazioan. Beraz, deitura etxearekin lotua dagoela dirudi. Pablo Bizarron, Igeribar auzo zaharreko (orain Latsagakoan dago) Perosantzenea etxean jaioa, Cadizko Puerto de Santa María hirira joan zen XVII. mendean eta bertan ezkondu Maria Egiarretakoarekin. Bere semea, Juan Bizarron eta Egiarreta, Sevillan 1682an jaioa, hiri horretako katedraleko kalonje eta artxidiakonoa izan zen, baita Mexikoko artzapezpiku eta Nueva Españako erregeorde ere. Handik bidali zituen Sevillako katedralera opari gisa sei argimutil, 1’85 m-koak -oparigileak zuen altuera- eta Mexikoko zilar onaz eginak. Egun, katedraleko aldare nagusian daude jarriak. Aipatu argimutilei “bizarrones” izena eman zitzaien. Gero Espainieraren Errege Akademiak “bizarron” terminoa sartu zuen bere Hiztegian, argimutil handia izendatzeko. Bestalde, aipatu artzapezpikuak Vizarrón herria fundatu zuen Mexikoko Querétaro estatuan. Beraz Bizarron oikonimo eta deituratik sortuak dira batetik gaztelaniazko “argimutil handia”, etimologia faltsu batez bidez, eta bestetik, Mexikoko herri baten izena.

Erramun Joakin
Erramun Joakin Sunbil Telletxea, Ituren auzoko Berdabioa etxean jaio zen 1755ean. Lanbidez joaregilea zen eta San Kristobal urtu eta joareak egin izanaz salatu zuten. Ituringo arotza kanta herrikoiaren bidez etorri zaigu istorioa, ahoz-aho, alegia. Kanta hori ezaguna da Euskal Herri guztian. Hitza ondoko hau da:
1.- Ituringo arotza Erramun Joakin,
Haserre omen zaude, zeren dugun jakin;
Santurik ez daiteke fiatu zurekin,
San Kristobal urtuta joareak egin.

2.- Arotzak erran dio bere andreari,
Urtu behar dinagu, ekarran santu hori.
Gizona hago isilik! Bekatu duk hori.
Ez zionagu erranen sekulan inori.

3.- Ituringo joare e(g)ile Ramuntxo Joakin,
Haserre omen zaude, zeren dudan jakin,
Konfesa zaitez ongi erretorarekin,
Ez dute zer fidatu santuek zurekin.

4.- Kobrezko santurikan inon bazarete,
Egoten ahal zarete hemendik aparte,
Baldin arotz horiek jakiten badute,
Joareak egiteko urtuko zaituzte.

5.- Elizako serorak, ermitauak ere,
Bakoitza zeun tokitan egon zaitez(te) erne,
Bertzela arotz horiek jakiten badute,
Elizako santuak ihes joanen dire.

6.- Arotzak erran dio bere andreari,
Begira zaion ongi joare multzoari,
Soinuan bilatuta denak zeuden ongi,
Koinatak ez bagindu saldu, Joana Mari.
Juan Bautista Labaien Zubieta (Ituren 1887 – )
Apaiza, filosofiako eta teologiako doktore. Blas Goñirekin batera Gramática hebrea teórico-práctica burutu zuen eta argitaratu Iruñean 1919an. Eranskin bat du Bibliako aremeierari buruzkoa. Aurtizko Migeltxonea etxean jaio zen, bere anaia bezalaxe.

Ildefonso Labaien Zubieta (Ituren 1897 – Iruña 1952)
Mediku eta zirujau ospetsua, Iruñean jardun zuen gehienbat, eta San Francisco klinika fundatu zuen bertan. Hiriburuko Udalak bere esker ona adierazi zion eta kale bati bere izena jarri: Labaien doktorearen kalea (Iruñeko Sanduzelai auzoan).

BITXIKERIAK

Batzarreak.
XVI. mendearen hasieran hasi eta XVIII. mendearen erdialdera arte batzarreak eliza inguruan egin ziren, hots, barrenean, hilerrian, larrainean, elizatarian eta eliza ondoko etxean. “… en el portegado de la yglessia parroquial del señor sant martyn e tiburçci de ahurtiz….” ; “… en la cassa que esta junto a la yglessia parroquial…”.

1756an auzia izan zen Ituren eta Aurtitzen artean. Aurtizkoek zioten batzarreak eliza ondoko estalpean egin behar zirela; Iturengoek, berriz, hango auzoko etxean, aurreko hamarkadan egina baitzuten.

Iturendarren proposamena atera zen garaile Aurtizko arazoez erabakitzeko Berueteneko larrainean egiten ziren batzarreak. “…en el lugar de aurtiz en la plaça que esta delante de la cassa de machin beruete estando presentes y juntos en baçarre…”

SagardiaJauregia.
Leinuetxe gisa ageri da Erresumako zerrenda ofizialean. 1513. urterako Mendialdeko Merindadeko zaldunen artean zegoen Iturengo jauregiko nagusia. Kontuen Ganbarak 1723an egin txosten batean esaten zen Juan Bautista Cortajarenarena zela. 1784an koartelei buruzko eztabaida eskatu zuen Francisca Aguirre Ustarizek, José Joaquín Alduncin Agirreren ama eta tutore gisa. 1790ean José Joaquín Alducin Aguirreren jabetzen artean zegoen. Armen liburuaren arabera, jauretxe horretako armarria honelakoa zen: urrezko eremuan bi faxa urdin.

Fundazioa.
1857an Pedro Domezainek fundazio ongilea eratu zuen, neska-mutilentzat eskola sortzeko. Horretan laguntza eman zion Maria Jesus Ochandorenak, helburu berarekin eta gainera eguneroko meza.