Usamos cookies propias y de terceros para mejorar su experiencia como usuario. Al hacer clic en cualquier enlace de este sitio web usted nos está dando su consentimiento para la instalación de las mismas en su navegador.
Más información

BISITA GAITAZU

NON JAN ETA LO EGIN

  • ABARUN ATERPETXEA – Aurtizko Ostatua

8 gela komunarekin, ongi hornituak eta oso atseginak. Taberna eta jantokia ditu.
Aurtizko gunean dago.  Web: Facebook.
Helbidea: Beheitiko karrika p.k. 31745 Aurtitz (NAFARROA)
Telefonoa: 948 45 00 67

  • JATETXEA – Asador Altxunea

Haragi eta arrain errea, goxo askia, aukeran.

  1. Uda: zabalik egunero, astelehenetan izan ezik.
  2. Negua: asteburuak soilik.

Errepide ondoan, herri sarreran.
Helbidea: Kontzeju Kaleea 27 p.k. 31745 Ituren (NAFARROA)
Telefonoa: 948 45 04 10

  • JATETXEA – ABARUN ATERPETXEA. Aurtizko Ostatua

Karta eta menua.
Aurtitzen dago.
Helbidea: Beheitiko karrika p.k. 31745 Aurtitz (NAFARROA)
Telefonoa: 948 45 00 67

  • JATETXEA – Herriko Ostatua

Inguruko produktuekin osatutako sukalde eta plater nafarrak. Web: Herriko Ostatua

Ordutegia: – Astelehenetik ortzegunera eta igandeak: 7:30-21:00.

– Ostirala eta larunbatak: 7:30-2:00.

– Astelehena eta asteazkena arratsaldeak itxita

Helbidea: Plaza kalea z/g p.k. 31745 Ituren (NAFARROA)
Telefonoa: 948 451 737 / 629 349 713

  • LANDA ETXEA – Alberroakoborda

Web: www.alberroakoborda.com

  • LANDA ETXEA – Arzenea

Jabea: María Mercedes Erasun Aríztegui
Telefonoa: 948 45 04 41

  • LANDA ETXEA – Galantenea

Jabea: María Victoria Elizalde Amigorena
Helbidea: Latsaga Auzoa
Telefonoa: 948 45 05 64

  • TRESANEA APARTAMENTUAK

Web: Tresanea.

JAIAK ETA OHITURAK

UDABERRIA

  • Maiatzeko azken igandea edo ekaineko lehenbizikoa: Erromeria Trinitateko ermitara. Trinitateko egunean iturendarrak Mendaurrera joaten dira. Mendiaren tontorrean Hirutasun Santuaren baseliza dago. Trinitate Eguna

UDA

  • Herriko festak. Ez dira egun jakinean ospatzen. Gutxi gorabehera uztailaren bigarren astean. Ostiralean (bezpera) hasi eta hurrengo asteartean bukatzen dira.
  • Irailaren erdialdera “Joaldunaren eguna” ospatzen da. “Joaldunari” egiten zaion omenaldia da herrian eta auzoetan 13:00ak aldera egiten duten ibilbidearen bitartez. Gero bazkaria, ia herri guztia biltzen duena. Ordu txikiak arte luzatzen da.

UDAZKENA

  • Azaroan (azaroaren 11n, San Martin eguna) Aurtizko festak ospatzen dira.
  • Abendurako “Ibintza taldeak” Kultur Astea antolatzen du.

NEGUA

Urtarrilaren 5ean, Errege bezpera. Afaria eta dantza, inauteriak hurbil baitira. Gauerdian Zubietako joaldunak etortzen dira festara eta inauteriez mintzatzen dira denak.

Inauteriak.

Folklore arloan, Iturengoak dira Nafarroako inauterietan zaharrenetakoak. Pertsonairik ezagunena joalduna da (“joare” zintzarri eta -dun atzizkia, hots, zintzarriak daramatzana). Iturenen eta Zubietan (batetik bestera hiru kilometroko bidea dago) dute jatorria joaldunek, baina herri bakoitzean diferente jotzen dira joareak eta diferente janzten dira pertsonaiak. Azkenaldi honetan Euskal Herriko beste zenbait lekutan ere sortu dira joaldunak.

Iturengoen jantzia honelakoa da

  • Ttuntturroa edo txano konikoa, alturan metro erdia dena, zinta koloredunak dituena eta goi-goian lumak.
  • Zapi gorrixka lepoan.
  • Ardi larruz estalitako atorra, txaleko bat eginez.
  • Gerrikoa. Han finkatzen dira, baita gorde ere, joareak lotzeko sokak.
  • Belaun azpiraino ailegatzen den azpiko gona zuria, galtzen gainean.
  • Kobrezko bi joare handi (bakoitzak 10 bat litro hartzen dituena) gerritik zintzilik eta beste bi txiki apaingarri, bizkarretik.
  • Isipua, zaldi buztaneko ilez egina, eskuin eskuan.

Zubietakoen jantzia ezberdina da: ator zuriaren gainean ez dute ardi larrurik, ezta bi zintzarri txiki ere. Lepoko zapia txikiagoa da eta karratu urdinekikoa.

Ituren eta Zubietak elkarrekin ospatzen dituzte iñauteriak. Urtarrilako azkeneko asteko astelehen eta asteartean, eguerdi aldean, bi herriko joaldunak beraien desfilean hasten dira, astelehenean Iturenen, eta asteartean Zubietan.

Astelehenean, Zubietako joaldunak Iturenerantz abiatzen dira. Aurtizko auzora iristean, eta auzo horretako joaldunekin elkartu ondoren, Latsagako auzo aldera joango dira, eta “Zubiburu” parajean dagoen zubi gainetik pasa ondoren, Iturengoekin elkartu. 40-50 joaldunek Iturengo herriari itzulia emanen diote gero, 80-100 zintzarriren soinupean. Itzulia herriko plazan bukatzen da.

Hurrengo egunean, asteartea, Iturengo joaldunak Zubietara etortzen dira, eta hemengoekin elkarturik, herriari itzulia ematen diote.

Joaldunak bi lerrotan desfilatzen dute, mugimendu ritmiko eta pausatuekin, zintzarrien doinu bateratua lortuz. Naturari estu lotutako errito baten itxura hartzen du desfileak.
Lehenengo lerroan dagoen joaldunetako batek, adar bat jotzen du noizbehinka eta ohiu batzuk egin, horrela desfileari erritmoa jarriz.

Uste da, zintzarriekin lortzen den soinuarekin espiritu txarrak uxatzen direla eta inguruko lurretan lo dauden energiak iratzarri.

Ituren eta Zubieta 3 kilometroz banatuta daude, eta nahiz eta biak joaldunen sorterriak izan, aipatu bezala, bakoitzak bereizgarri ezberdinak ditu zintzarriak mugitzeko moduan eta jantzietan.

Ituren eta Zubietako joaldunei zanpantzar deitzeko joera berria da oso (60. hamarkadatik aurrerakoa) eta kanpotarrek jarritako izena da, gainera, Saint Pansard, Olentzero eta euskal folkloreko beste pertsonaien eta joaldunen artean antzekotasunen bat bilatu nahian. Zanpantzar izenak ez du tradiziorik ez Iturenen, ez Zubietan. Beren pertsonaiei horrela deitu diete bi herriek: joaldunak.

ZER IKUSI?

MONUMENTU ERLIJIOSOAK

  • Toursko San Martin eliza.

XVI. mendean jaso zuten eta XVIII.enean, zati bat batean berritu. Hiru auzoen arteko muino batean dago. Aipagarria da erretaula nagusia, erromanismo berantiarrekoa, XVII. mendearen hasierakoa. Jatorrizko polikromia dauka. Juan Huizi maisu erretaulagilearen lana da. Irunberrikoa zen eta bertako lantegikoa. Donezteben jarri zen bizitzen herri horretako Marta Zozaia Juanmigelenekoarekin ezkondutakoan. Joan Iturengoa elizgizonak eman zion erretaula egiteko enkargua. Elizgizon hori Iturengo jauregiko semea zen eta Salamancako unibertsitateko lizentziatua.

  • Hirutasun Santuaren ermita.

Mendaur (1.136 m) gainean jaso zen 1693an. Oso-osorik berritu zen 1963an, osotara hondatua baitzegoen.

  • San Joakin eta Santa Ana ermita.

Elizatik hamar minutuko bidean dago. 1687an eraiki zen eta 1956an berritu. Ermita horretatik ekarri zen Ama Birjina Haurrarekin irudikatzen zuen taila gotiko bat, alabastrozkoa, zati bat polikromatua duena. Ingalaterran egina da eta 1370-1420 urteetakoa.

MONUMENTU ZIBILAK

Etxeen arkitektura zaindua da, inguru geografiko horretako berezia. Etxe bakarrak izaten dira, gehienetan beheitiko solairua eta beste bi edo hiru dituztenak, eta teilatua, bi edo lau isurkikoa, baita harrizko armarria ere, fatxadetan paratua. Kronologiari dagokionez XV. mendean hasi eta orain artekoak daude. Konparaziora bada bat elementu gotikoak dituena, Ituren auzoko Argiñenea eta beste batzuk, berriz, XVI. mendeko ezaugarriak dituzte. Nolanahi ere, aipagarriak dira, beren handitasun eta dotoreziagatik XVIII eta XIX. mendeetako eraikin batzuk, adibidez Aranburunea, Bizarronea, Joansantzenea, Tresanea, Zaraindia…

  • Udaletxea

Herriko plazan dago. XVIII. mendearen erdialdekoa da eta beheitiko solairua eta beste hiru ditu. Karrerapea dauka, hiru arku fatxadan eta bat alde batean, balkoia bigarren solairuan eta herriko armarria hirugarrenean.

Duela gutxi berritu dute barrenaldea. Beheitiko solairuan ostatua dago; lehenbizikoan udal bulegoak; Bigarrenean Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoa; hirugarrenean josteta-kultur aretoa.

  • Iturengo jauregia

Behe Erdi Arotik dugu Iturengo jauregiaren berri. 1712an Juan Bautista Cortajarenak jauregia eta horren ondasunak erosi zituen. Ameriketan egondakoa zen eta urrezko astoa izengoitiz ezaguna. Eraikina bota eta orain dagoena jaso zuen 1715erako. Beheitiko solairua eta beste hiru ditu, fatxada eta bi alde harlanduzkoak eta armarri barrokoa aurrealdean baita ate bat ere, alde batean; erdi-puntukoa da eta irudi geometrikoekin landutako dobelak ditu. Teilatua bi ordenatako zurezko hegatz handi baten gainean ezarria dago. Erresumako zerrenda ofizialean diren leinuetxeetako bat da. Armarria horrelakoa zen XVI. mendean: urrezko eremuan bi faxa urdin.

  • Harrizko zubia

Iturenen badira Erdi Aroko bi zubi eder, Ezkurra ibaiaren gainean. Jatorrizko egitura mantendu dute, erdi-puntuko arku handia eta gaina dromedarioaren bizkarraren itxurakoa.

Marizeneko zubia (Iturengo auzoa) eta Latsaga eta Aurtitz artekoa dira, azken hori Argisuru ondoan, duela gutxi berritua jatorriz zuen taxuan.

Dirudienez, Latsagako zubia, Ituren eta Latsaga artean dagoena, Doneztebeko Migel Amasa hargin maisuak egina 1544an, besteen antzekoa zen, baina XX. mendearen hasieran erori eta haren ordez beste bat, oso ezberdina, paratu zuten.

  • Iturengo errota

Badirudi XVI. mendean bazela bat, baina oraingoa XVIII. mendean berritua da. Fatxadan herriaren harrizko armarria dago, inskripzio hau daramana: “la valle de Ituren”. Hiru auzoen erdian dago. 1970etik ez da erabiltzen errota gisa, ondoan arrain-haztegi bat paratu baitzuten, Nafarroako Gobernuarena, gaur egun.

Arkitektura herrikoia oso ederra da eta Malerrekako etxeen tipologiari eutsi dio. Badira zura torneatua duten balkoiak. Etxe batzuek XVII. mendekoak dira; beste batzuek elementu gotikoak dituzte. Iturengo etxandien artean Trasenea, Zaraindia, Tuniz eta Bizarrenea daude.

GAINERAKO LEKU ERAKARGARRIAK

Ituren ederra da berez eta toki paregabeak ditu turistarentzat.

Ikuztoki zaharrak

Herriko bideetan barrena abiatuz gero, paisaia polit askiak ikusten dira. Ikuztoki zaharrak ere aurkituko ditugu, ongi kontserbatuak, oraindik ere.

Trikuharriak

Hemendik gutxira ibilbideak markatako dira mendian eta horietan herriko sei trikuharriak ikusteko aukera izanen da.

Aipagarria da, trikuharrien artean, “Baikuntzeko etxola”. Brontze Aroko (K. a. IV-II.milurtekoak) ehorzlekua, harrizko tumulua, non hilobia erdi-agerian dagoen. Gaineko lauza alde batera erorita dago.

Trikuharriak E.M.ra jarriak egon ohi dira. Hildakoaren oinak sortaldera begira paratzen ziren eta burua sartaldera. Iturengo udal dermioan badira beste 5 trikuharri. Horrek esan nahi du bazirela artzainen kulturak bertan bizitzen aspaldi-aspaldian.