Kalitatezko osasun-laguntza berma dadin eta Nafarroako landa-eremuetako herritarrek dituzten eskubideak eta zerbitzuak arautzeko asmoz, Zangozako Merindadeko Udalek abiatutako legegintzako ekimena babesteko proposamenari babesa eman zion Iturengo Udalbatzak, 2013ko azaroaren 7ko Osoko Bilkuran.
Hautetsien, osasun arloko langileen eta herritarren arteko zenbait bilera eta harreman egin ondoren, Udalek Legegintzako Ekimen bat abian jartzea erabaki zen Pirinioetako eskualdean, osasun-laguntzak eskaini behar dituen gutxienekoak zehaztu daitezen.
Nafarroako zenbait eskualdetatik jasotako ekarpenekin lege-proposamen bat osatu da, larrialdiko laguntzaren, laguntza espezializatuaren eta oinarrizko nahiz etengabeko laguntzaren oinarriak zehazten dituena.
Zangozako Merindadeko hainbat Toki Entitatek bultzatutako eta onartutako Legegintzako Ekimen honen abiapuntua honakoa da: Nafarroako herritarrek osasun-zerbitzuetarako duten sarbideari dagokionez, berdintasunaren eta irisgarritasun unibertsalaren kontzeptuetan aurrera egin beharra. Azaroaren 8ko 17/2010 Foru Legean, Nafarroako Foru Komunitatean osasunaren alorrean pertsonek dituzten eskubideei eta betebeharrei buruzkoan, berdintasunaren aipamena egiten da 3. artikuluan, Foru Lege horren printzipio orokorrak garatzen dituen horretan hain zuzen. Honela dio, hitzez hitz: “Berdintasuna izatea eskueran dauden osasun-zerbitzu guztietarako eta osasun arloko profesionaletarako sarbidean, eta osasun egoera bakoitzari dagozkion osasun laguntza eta zainketak jasotzean, egoera pertsonalarengatik inongo bazterketarik eragin gabe”.
Eta lege horrek berak irisgarritasun unibertsala aipatzen du, Nafarroako Foru Komunitatean osasunaren alorrean pertsonek dituzten eskubideei oinarria ematen dien bigarren printzipio orokor gisa. Hauxe dio, hitzez hitz: “Inguruneek, prozesuek, ondasunek, produktuek eta zerbitzuek zein objektuek, tresnek, bitartekoek eta gailuek bete behar duten baldintza, pertsona orok ulertu eta erabiltzeko modukoak izateko, segurtasun eta erosotasun egoeran eta ahalik eta autonomia eta naturaltasun handienaz betiere. Printzipio honek ororentzako diseinua estrategia du abiapuntu, eta ulertzen da hori ez dela eragozpen izanen erabaki beharrekoak diren arrazoizko egokitzapenak egiteko”.
Bistakoa da landa-eremuek ezin dituztela hiri-eremuek dituzten zerbitzu berdinak eduki; bai, ordea, beren egoerara egokitutako zerbitzu guztiak, ezin baitira bigarren mailako herritar bihurtu. Ezinbestekoa da, beraz, zerbitzuak eta irizpideak zein diren zehaztea, pertsona orok bermatua izan dezan kalitatezko laguntza jasotzeko eskubidea.
Eta irizpideak ezin dira sakabanatze geografikoan, biztanle kopuruan edo zerbitzu jakin batzuen erabilera-datuetan oinarritu. Aitzitik, azterketa kualitatibo bat egin behar da, ez kuantitatiboa, pertsona ororentzat eska litezkeen arriskuen eta estalduren edo zerbitzuen kontzeptuetan oinarrituta, bizi diren edo egoten diren eskualdea zein den alde batera utzita. Landa-eremuko osasun-bermeari dagokionez, kontuan izan behar dugu zerbitzuak bermatu behar direla, eta zientifikoki onargarri den denboran egin behar dela.
Hori guztia dela-eta, ezinbestekoa da beharren diagnostikotik eta ebaluaziotik abiatzea, eskualdeetatik bertatik abiatuz. Horixe da ekimen honen funtsa, ukitutako eskualdeetako toki entitateen, profesionalen eta herritarren egiazko parte-hartzea bermatuz. Esparru horretatik aztertu behar da gaur egungo zerbitzuen egoera, benetako beharrak eta balizko berrantolaketak, horren ondoren gaia ikuspegi global batetik begiratzeko.
Ekimen honek Nafarroako landa-eremuetako biztanleen eskubideak arautzea eta bultzatzea proposatzen du, baita Nafarroako herritar ororentzat eska litezkeen osasun-zerbitzuen estaldura ere. Eta horiek garatzen ditu oinarrizko osasun-laguntzari, laguntza etengabekoari, larrialdien artatzeari eta laguntza espezializatuari dagokionez.
LEGEGINTZAKO PROPOSAMENA: TESTUA/TEXTO